Lurraldeak eta kooperatibak: Katalunia eta Euskal Herriko esperientziak izeneko jardunaldian antolatuko dugu. Otsailaren 18an Arantzazun bilduko gara, Euskal Herrian eta Katalunian kooperatiben eta lurraldeen artean sortzen ari diren elkarrekintzetan arakatzeko. Elkarrekintza horiek, herri zein gizarte gisa aurrean ditugun erronkei erantzuteko funtsezkoak direla uste baitugu.

Besteak beste, Kataluniako Generalitateak mugimendu kooperatiboarekin elkarlanean abian jarritako politika publiko berritzaileak eta horien lurreratze zehatza ezagutzeko aukera izango dugu. Generalitateko Ekonomia Sozialeko Zuzendari Orokorra den Josep Vidalen eta Ateneu Cooperatiu ezberdinetako ordezkarien eskutik.

Katalunian azken urteetan martxan jarritako politika publiko berritzaileak ezagutuko ditugu, horien atzean dauden logikak geureganatu eta Euskal Herrian logika horien sustapenerako eredu propioez hausnartzeko tartea hartuko dugu. Jardunaldian zehar, Euskal Herrian autoeraketaren lanketan erreferentzialak diren pertsonek eta egunerokoan proiektu kooperatibo berritzaileak sortzen dabiltzanek ere parte hartuko dute.

Jardunaldietan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da KoopFabrikaren webgunean: https://koopfabrika.eus/ekitaldia/jardunaldia-lurraldeak-eta-kooperatibak-katalunia-eta-euskal-herriko-esperientziak/