SEI

Europako Kirol Gutunak dioenaren arabera, jarduera fisiko bat –antolatua zein antolatu gabea-- kirola da, baldin eta helburu hauetako baten bat badu: a) egoera fisikoa eta psikikoa hobetzea edo eustea, b) gizarte-harremanak garatzea edo c) lehiaketan emaitza onak lortzea. Nire hitzetara ekarrita: jarduera fisikoa kirola da, baldin eta hiru helburu hauetako bat edo batzuk baditu: a) osasuna, b) sozializazioa (harremanak) eta c) lehia (eta gozamena).

ZAZPI

Nik neuk bi ezaugarri gehiago gehituko nituzke: (d) balio sinbolikoa (partaide izatearen harrotasuna) eta (e) balio hezitzailea. Entzun izan dut kirola bizitzaren eskola dela, bizitzan gertatzen den guztia kirolean ere gertatzen dela. Balio hezitzailea hortik datorkio. Afera horiek guztiak ingurune kontrolatu batean gertatzen direnez, kirolak aukera handiak ematen ditu haur eta gaztetxoak balioetan hezteko.

ZORTZI

Edonola ere, zerbait azpimarratu behar bada, kirolaren sozializazio-ahalmena da hori. Kirolaren inguruan harreman-sareak sortzen dira. Eta gizarte-kohesioa ahalbidetzen da. Kirolak (eta aisialdi hezitzaileak) komunitateak dinamizatzeko eta aktibatzeko ahalmen ikaragarria du. Kirola herrigintza da.

Izan ere, orain arte kohesio soziala ahalbidetu duten instituzioak (familia, auzoa, kalea, eskola…) askotxo aldatu dira (aldatzen ari dira); eta, neurri batean, komunitatea egituratzeko zuten ahalmena ahulduz joan da (kasu batzuetan baita desagertu ere). Familiaren egitura eta funtzionamendua aldatu da. Espazio publikoa ere aldatu da. Pribatizatu eta merkantilizatu egin da. Harremantzeko espazio berriak sortu dira (sare sozialak, ingurune digitala). Horren aurrean badira bir-mobilizazio baten beharra aldarrikatzen dutenak. Dinamika komunitario berriak behar dira.

Kirolak (eta aisialdi hezitzaileak) komunitatea josteko baldintza interesgarriak ditu: a) gertukoa da; b) atxikimendu librean oinarritzen da; c) helburu hezitzailea du; d) sarritan herri ekimena du atzean, autoeraketa; d) afektiboa da, pertsonarteko harremanak indartzen ditu, eta e) aukera handiak ematen ditu espazio publikoa berreskuratzeko, aktibatzeko eta dinamizatzeko, baita ekipamendu publikoak ere…

BEDERATZI

Zergatik da kirola funtsezkoa euskara indarberritzeko proiektuetan? Oraindik ere azaldu beharra al dago?