John Steinbeckek 1939an idatzi zuen “The grapes of wrath” eleberria: "Suminaren mahatsak". John Fordek filma zuzendu zuen 1940an. Tom Joad da istorioaren protagonista: kartzelatik atera berri, herrira itzuli eta han aurkitzen duen injustiziaren aurrean errebelatzea beste aukerarik ez duen mutil gaztea. Amaiera aldean film batean gehien (h)u(n)kitu nauen eszenetako bat ageri da: hauxe.
Bruce Springsteenek “The Ghost of Tom Joad” albuma argitaratu zuen 1995.urtean. Albumari izenburua eman dion abestian Tom Joad-en hitzak hartu ditu Brucek:
“Ama, han egongo naiz beti: poliziak mutiko bat jipoitzen duen bakoitzean; jatekorik ez duelako haurrak negar egiten duen bakoitzean. Pertsonek bizitzeko leku batengatik, lan duin batengatik edo lagun batengatik borrokatzen dutenean, han egongo naiz ni”
Asteburuan Ken Loach zuzendari britaniarraren The Old Oak filma ikusteko parada izan dut. Filma Ingalaterrako ipar-ekialdiako herri batean kokatua dago. Garai batean meategiak ustiatzeaz bizi ziren bertako herritarrak, baina meategia itxi ondoren herriko jende ugari joan egin da eta etxe asko hutsik geratu dira. The Old Oak (haritz zaharra) da hango pub bakarra. Herritarrak bertan biltzen dira, amorruz beteta, herriaren egoeraz kexatzera. Etxeak merke eta eskuragarri daudenez, leku aproposa da Siriako errefuxiatuentzat. Autobusez etorri dira, gobernuak ekarrita. Bizilagunek gaizki hartu dituzte. Pubeko jabeak (Ballantyne), ordea, tabernako atzealdeko gela ireki du siriarrentzat eta bertakoentzat afari komunitarioak antolatzeko. Horrek zenbait bezero eta lagunen boikota eta erasoak eragin ditu.
Ballantynek, halako batean, aurre egin dio Charlie bere lagunari:
"Charlei. Begira nola dagoen herria. Begira zer gertatu zaigun urte hauetan. Gertatu zaizun guztia… niri gertatu zaidana… gure gurasoei gertatu zaiena… hori guztia siriarrak iritsi aurretik gertatu da. Leku hau aspalditik zihoan galbidera.
Badakit ez zarela ergela, Charlie. Nola bihurtu zara horrelako?
Balizko errudunen bila ibiltzen gara, dena karajora doala antzematen dugunean. Ez dugu gora begiratzen, ez. Behera begiratzen dugu. Azpian daudenei egozten diegu errua. Beti da haien errua. Azpiratuen errua. Horrek errazago egiten du jende gaixo hori guztia zapaltzea".
Hori ere hunkigarria da, ezta? Are hunkigarriagoa, Europatik gainera zer datorkigun kontuan hartzen badugu!