Aste honetan Manuel Iradier elkartearen testu batzuk zuzentzea egokitu zait. Ezagutzen duzue Manuel Iradier? Aurten 75. urteurrena ospatzen dute. Elkarte ezaguna da Gasteizen: mendia, folklorea, mikologia, natura, espereologia… Euskal Herri osoan ere ezagunak dira, Hiru Haundiak proba antolatzen dutelako.
Pintore kalean dute egoitza. Akordatzen naiz garai batean irekia egon zela taberna moduan. Gogoan dut Mairuelegorretako kobazuloetako Euskal Jaiaren kartela han ikusi izana. Larruz jantzitako dantzari bat ageri zen bertan, aizto bat eskuan duela. Irudi ikonikoa iruditzen zait.
Zuzendu dudan testuan jaialdi eta dantza horri buruzko istorio polit bat kontatzen dute. Antza denez, Euskal Jaia antolatzeko ideia elkarteko espeleologoek aurkitutako hartz baten burezurrean oinarritu zen. Animaliaren hezurrak buztin-meta baten gainean jarrita zeuden. Hori horrela, Manuel Iradier Espeleologia Taldeko espeleologoek ondorioztatu zuten gizakiren batek bertan utzi zituela, erritual batean erabiltzeko. Erritu hura nolakoa izan zitekeen imajinatzen saiatu ziren eta kondaira moduko bat asmatu zuten, non gizaki primitibo batzuek hartz bat ehizatzen zuten. Elkarteko dantzariei istorioa gustatu eta koreografia bat osatu zuten, historiaurreko ehiztari horien peripezian oinarrituta. Luis Aranburu konpositore gasteiztar famatuari koreografia hori armonizatzeko eskatu zioten gero.
Hau izan zen emaitza:
https://www.youtube.com/watch?v=ue3CAvRaE_M
Bitxia, ezta?