Kaixo guztioi!

Abuztua borobiltzeko topaketa librezale edo Software Libre Jai bat egin dugu. GAFAM ohiturei su eman eta gure gailuetan linux instalazioak eta horrelakoak egiteko topaketa, alegia.

Hiru kide elkartu gara oraingoan, Gasteiztik bat eta Durango aldetik hurbilduak beste bi. Alde zaharrean kokaturik dagoen Saregune elkartearen lokalean egon gara (eskerrik asko Ainara, Esti eta Raul, tailertxoa egiteko espazioa uzteagatik!).

Eta… zer egin dugu? Bada, goizeko 11:00etan hasi eta…

  • HP ordenagailu eramangarri batean Luberri jarri dugu (arazo hau tarteko).
  • MSI ordenagailu eramangarri batean Ubuntu jarri.
  • Android daukan mugikor batean sobera dauden Google-ren ia gauza guztiak kendu ditugu (honi jarraituz).

Zer gelditu zaigu egin gabe?

  • Ordenagailu eramangarri batean Windows mantenduz Linux Mint jarri nahi genuen, baina Windowsaren partizio bat “erdian” traban agertzen zitzaigun Gparted-ekin… ez atzera eta ez aurrera geratu gara gu ere, partizioa bezala (eguerdia zen eta ausardiak agortuta!).
  • Pixel mugikor batean Graphene OS instalatzea (honi jarraituz)

Beste gailu ugari geneuzkan (ordenagailu eta mugikor), baina bazkaltzeko ordua zen eta gustura geundenez hortxe utzi dugu oraingoan.

Hurrengo batean topaketa zure herrian izatea nahi baduzu, entxufeak eta internet dauzkan espazio bat lortu besterik ez duzu egin behar. Ea 2025 baino lehen beste saio bat egiten dugun! (Nafarroa eta Iparraldean ez dugu egin oraindik…)