Joan den ostiralean XIBEROA KANTUZ LORATURIK, TXORIEKIN HIZKETAN ikuskizunean izan nintzen. Jakin dudanez filme labur bat sortu dute ikuskizunaren inguruan. Gustura ikusiko nuke. Teaserra hemen.

Jakin banekien Mixel Etxekoparrekin gozatu egingo nuela. Banekien, halaber, Maddi Oihenarten ahotsak liluratuko ninduela, betiko moduan. Ihintz Iriat, Amaren Alabak taldeko kantaria izanda, banekien gustatuko zitzaidala.

Beñat eta Julen Achiary aita-semeak gutxixeago ezagutzen nituen. Izenak bai, baina askoz gehiago ez. Beñaten kantakera oso berezia da. Lagun batek zioen moduan, Camaronen antza du, baina euskaraz. Julenen ahotsa izugarria da. Beñat eta Julen Achiary spotify-n bilatu eta BASHOAN (II) diska agertu zitzaidan. Sarean kuxkuxean jakin dut Julenek HARATAGO taldean ere parte hartzen duela. Taldeak BASA AHAIDE diska argitaratu zuten iaz. Bere garaian entzun nuen eta deigarria egin zitzaidan, baina gerora ez nion kasurik egin. Diska hemen entzun daiteke osorik (youtube).

BASHOAN (II) buklean entzun dut asteburuan. Achiary aita-semeekin batera Joseba Irazoki eta Oihan Oliarj-Ines ageri dira diskoan. Akordatzen naiz azken honi, udan, elkarrizketa egin ziotela berria egunkariak, haren ibilbideaz eta haren gustuko musikaz. Hemen irakur daiteke: https://www.berria.eus/kultura/oihan-oliarj-ines-esku-ezkerra-ez-beti-malestruk_2128938_102.html

Oihanek badu oso diska gogoangarri bat: Oihaneko zühainetan. Bertan Xiberoko hainbat kantu tradizional a capella grabatu eta horien gainean instrumentazioa sortu du. Kantu eta kantari ezagunak dira, Mixel Etxekopar eta Maddi Oihenart tartean. Etxekoparrek BELATXA doinua interpretatzen du. Berezia da doinua: belatx baten hegada imitatzen du. Etxekopartek berak dioen bezala “txoriekin hizketan ikasi beharra dago mundua ulertzeko”. Hegada da belatxaren hizkuntza. Diskoa hemen entzun daiteke: https://www.badok.eus/euskal-musika/oihaneko-zuhainetan/oihaneko-zuhainetan-1

Oihanen arreba, Elsa Oliarrj-Ines, zinemagilea da eta proiektu horren grabaketa islatu zuen BASAHAIDEAK dokumentalean. Pandemia garaian ikusi eta ikaragarri gustatu zitzaidan. Gaur egun Kanalduden ikusi daiteke nahieran: https://kanaldude.eus/bideoak/5242-basahaideak

Gerora, gainera, horri buruzko erreportaje bat eman zuten Frantziako telebistako Txirrita programan. Hemen ikus daiteke (youtube).

BASAHAIDEAK dokumentalaren hasieran Goizian goizik jaiki ninduzun kantua ageri da. Xiberoko balada zahar bat da, ahozko tradiziotik datorrena. Goizean ezkondu eta gauean alargundu zen andre baten istorioa kontatzen du: senarraren heriotza onartu nahi ez, eta gorpua zazpi urtez etxean gorde zuen. Kantua hainbat bertsiotan entzun daiteke. Hegoaldean Imanolen ahotsean egin zen ezagun: hemen.

Senarra nola hil zen? Jon Mirandek istorioa hartu eta detektibe-ipuin zoragarri bat eraiki zuen Gauez Parke Batean liburuan: Eresi Kantari. Hemen irakur daiteke: https://klasikoak.armiarma.eus/idazlanak/M/MirandeNarrazioak011.htm

Luze jarrai nezake halako loturak egiten, baina hobe (oraingoz) hemen uztea.

Itxaro Borda idazleak esana du Euskal Herriak bi arkadia dituela: Baztan eta Xiberoa. Bueno, ez… gezurra da. Hori ez du Itxaro Bordak esan, baizik eta bere alter ego omen den Amaia Ezpeldoi detektibeak. Arrazoia du(te): Xiberoak asko du arkadiatik.

Xiberoa… herri txiki, paradisu handi!