Yásnaya Elena Aguilar Gil (Ayutla Mixe, Oaxaca, 1981) hizkuntzalari mixe bat da, feminista, idazlea, itzultzailea, hizkuntza eskubideen aldeko aktibista eta ikertzailea. Duela hilabete batzuk Gasteizen egon zen, Oihanederren, bere azken liburua aurkezten: Ää, Manifiestos sobre la diversidad lingüística. Orduko kronika hemen irakur daiteke.
Klima aldaketaz ere jardun du sarritan eta dokumental-sorta ikaragarri ederra bat egin zuen Gael García Bernal aktorearekin batera: El Tema. La Corriente del Golfo izeneko produktorak ekoiztu zituen, eta Youtube-n ikus daitezke: El Tema
Ildo beretik, podcast berri bat aurkitu dut aste honetan, produktora berak sortutakoa: Humo (Kea). Yasnayak ere parte hartzen du bertan. Spotify-n entzun daiteke, baina baita hemen ere.
Lehen atala entzuteko parada besterik ez dut izan. Itxura ona du. Interesgarria iruditu zait. Kontu askoren artean, zapalkuntzaz hitz egiten du, oso ikuspegi berezi batetik. Haren esanetan hiru zapalkuntza-sistemak gobernatzen dute mundua: kapitalismoa, kolonialismoa eta patriarkatua. Hirutasun guztiz santu baten antzekoak dira: hiru pertsona, izate bakar batean.
Oso metafora polita erabiltzen du hiruren arteko lotura azaltzeko.
Imajinatu patriarkatua pintura gorria dela; kolonialismoa, pintura horia; eta kapitalismoa, pintura berdea. Hiru pinturak kubeta batean sartu eta ondo nahasten baditugu, kolore nabar bat lortuko dugu. Kubeta horretatik errealitate-goilarakada bat hartuz gero, epistemologikoki, jakin badakigu hiru kolore horiek hor daudela, baina ez dago bereizterik; ez dago esaterik horia non hasten den eta gorria non amaitu.
Horrela gertatzen da gure errealitatean. Sistemaren kontra borrokatu nahi badugu, hirutasun horren kontra borrokatu behar da, osotasunean. Harek diskriminazioaren testa deitzen dion ariketa egin ohi duela azaldu du:
Borroka antipatriarkala egiten baduzu, baina ez borroka antikapitalista eta ez borroka antikoloniala, Hillary Clinton zara: herrialde zapaltzaile, kolonialista eta arrazista bateko presidente izan nahi duzu. Borroka antikapitalista egiten baduzu, baina ez borroka antimatxista edo borroka antiarrazista, Che Guevara zara, Afrikako populazioari buruzko iruzkin iraingarriak egiten dituena… edo militante matxirulo maskulinizatu horietako bat. Eta, borroka antikolonialista edo arrazakeriaren aurkakoa besterik egiten ez baduzu, ez duzu aldaketa handirik lortuko: Vogue aldizkarian agertzearekin konformatzen zara.
Probokatiboa da, baina ematen du zer pentsatu. Ezta?
Ados! 😄👌