Hau ez da tutorial bat, memoria moduan (neuretzat ere, etorkizunerako) jasotzeko asmoz idatzia da.

Telebista tontoa daukagu etxean, internet edo Netflix edo halakorik gabea. Beharrik ere ez, gainera. Alfer samarrak gara gauzak deskargatzeko eta telebista arrunteko gauzak ikusi ohi ditugu: etxeen erreformak, telesail amerikarrak…

Baina Primeran plataforma atera zutenean, mingarri suertatu zitzaidan ez erabiltzea. Ez zen erosoa ordenagailu eramangarri txikia piztu eta bertan play ematea.

Chromecast delakoaz gutxi informatu naiz, susmoa bainuen ez zitzaidala benetan gustatuko (ordenagailuko linuxarekin akaso arazoak, Googleren katxarro bat erostea suposatzen zuen…? Bah, paso informatzeaz ere). Eta HDMI kable bat burujabeena zela iruditzen zitzaidan. Hau da, ordenagailuak pantaila gisa telebista erabiltzea.

Baina erabili gabe Raspberry pi bat neukanez, hori erabili dut azkenean. Hemen prozesuko pauso eta buruhausteak:

  • Irudi idazlearekin (edo Balena etcher-ekin) ezin nuen ISO irudia grabatu Rpi-rako. Beraien irudi idazlea erabili behar izan dut eta iruditu zait ez zidala uzten lokaletik ISO fitxategi bat aukeratzen. Zentralizatua iruditu zait eta ez zait gustatu.

  • Nahiz eta printzipioz Primeran eta Rtve a la carta modukoak ikusteko izan, torrent bidez gauzaren bat deskargatzeko aukera nahi nuen. Transmission ez zekarren, ordea. Eta nik ez dakit terminaletik instalatzen etab! Transmissionen deskargen orrian gomendatuta pauso hauek jarraitzen hasi nintzen, baina ez dakit hori zen egin behar nuena… Transmision programatxoa ez nuen ikusten Rpi-ko menuan.

  • Aplikazioak gehitu/kendu izena duen programatxo bat badago, baina ez zitzaidan gustatu. Transmission jarri eta pakete ugari detektatzen zituen, ez nekien zer egin behar nuen… Klik batzuk egin bai, baina Transmission instalatuta nuenik ez nuen ikusten.

  • Laguntza eskatu nuen SLZ telegram gelan eta Pi-apps aipatu zidaten (eskerrik asko Iñigo!). Terminalean komando bakarra (orri honetako lehenengoa) sartu, enter eta listo. Horrela bai! Hortik aurrera, aplikazioak aukeratu eta instalatzeko oso erraza. Transmission bilatu eta listo.

  • Transmission irekitzen zen, baina ez zituen torrentak deskargatzen. Raspberry pi-ko sistema eragilea 8 GBeko mikroSD txartel batean zegoenez, badaezpada ere berriro hasi eta 64 GBeko batean egin nuen. Ondo hasi ziren gauzak deskargatzen, konektaturiko disko gogor batera gainera.

Orain gure telebista piztean, nahi izanez gero Rpi-a ere entxufatuz, ordenagailu bat da HDMI kanalean. Nabigatzailea ireki eta youtube edo dena delakoa ikus dezakegu, edo disko gogorreko gauzak erreproduzitu.

PD: ez nuke egin nahi gauzak pirateatzearen defentsarik. Behin entzun nuen aipu bat norbaitena: “Ezin da gerrarako prestatu eta bakea sustatu aldi berean”. Pentsarazten didan esaldia da (nahiz eta Cesarren “para belum” horrek ere zentzu handia duen…". Honetan ere berdin: posible al da sorkuntzazko edukien lizentzia libreak (CC etab) benetan sustatzea, copyright daukaten edukiak baimenik gabe partekatzen ohitzen bagara?