Kaixo guztioi!

Dakizuen bezala, iaz egin genuen Babesle Kanpaina oso arrakastatsua izan zen. Babesle askok egin genuen ekarpen ekonomikoa eta Abaraska taldea sendotu egin zen

Hiruzpalau urtetan gauza ugari geneuzkan martxan jarriak:

  • Lemmy.eus: Foro gisako sare soziala, arrakasta gutxi daukana baina asko estimatzen duguna.
  • Peertube.eus: Bideo plataforma, beldurra ematen ziguna hasieran baina hazkunde lasai bat izan duena, zorionez.
  • Paperjale.eus: Liburuei buruzko sare soziala, alternatiba izan beharrean jende askorentzat lehen aldiz probatzeko aukera eman duena.

PD: Pixelfed.eus ez dago gure zerbitzarian, @urtzai@mastodon.eus-i pixka bat lagundu baino ez dugu egiten.

Maiatz inguruan, ordea, sarritan egiten zuen kale zerbitzariak. Gehiegitan zegoen erorita Paperjale, edo izugarri kostatzen zitzaion Peertuberi bideoak transkodetu eta argitaratzea, errorea ere bai noizbait… Konpontzen saiatzeko zerbitzaria itzali eta piztu, gure Lemmy instantziari federazioa kendu karga gutxitzeko… Denboraldi batez funtzionatu zuen, baina ez zen nahikoa.

Gure zerbitzariak topo egin zuen bere mugekin. Gauza ederra da hori! Erabiltzen den seinale baita… eta gainera dirua geneukanez… Zerbitzari hobea erosi genuen! Eskerrik asko Gaueko kooperatibari, orain arte erabili duguna uzteagatik! Begira, beltza zaharra, zapala berria:

  • Bideorik igo duzu peertubera?
  • Libururen bat kritikatu duzu paperjalen?
  • Lemmyn idatzi izan duzu?

Bada… zure datuak Zumaiako kaleetatik ibili ziren!

Ez pentsa erraza izan zenik zerbitzari berria konfiguratzea… Lehen saiakeran ohartu ginen disko gogor gehiago erosi behar genuela.

Eta bigarren larunbat batez joan ginenean… egon ziren guztiz galduta sentitu ginen uneak:

Baina minutu batzuk beranduago… arrakasta! (une horietan ez da argazkirik ateratzen, noski).

2000€ saldoa geneukan eta zerbitzari berria eta diskoak erosi ondoren 800€ra jaitsi zen. Piztu genuenetik badarama bizpahiru hilabete martxan eta ez da arazorik izan. Oso pozik gaude.

Abaraska taldearen lana baloratzen baduzu, Babesle izateko proposamena egiten dizugu. Urtean behin (udazken aldera, hilabetez asko jota) egiten dugu kanpaina. Jendeak egindako ekarpenak boltsa orokor baten gisa gordetzen ditugu (ez du axola gehiago estimatzen duzun Peertube edo Lemmy, adibidez).

Nahiz eta momentuz ez daukagun beste instantzia edo webgune berririk jartzeko asmorik, zure proposamen edo eskaerak eskertuko ditugu! Babesle izateko galdetegi hau bete behar da: https://erabili.liberaforms.org/babestuabaraska Bidali ondoren jasoko dituzu transferentzia egiteko argibideak.

  • Bai, joan den urtean bete bazenuen, berriro betetzea lagungarri zaigu.
  • Bidali ondoren akats bat egin duzula ohartzen bazara, bidali lasai berriro, konturatuko gara eta erantzun zaharra ezabatuko dugu.

Aurten, berezitasun gisa, FediEgutegia eska dezakezu 2025 urterako. Eta azaroaren 15a arte irudiak proposa ditzakezu, gainera! Hementxe nola.

Anima zaitez eta izan zaitez Abaraska taldearen Babesle! Eta… aurten ez bada, hurrengo batean izango da! Zalantzarik baduzu, beti bezala, abaraska@sindominio.net emailean gauzkazu webgune honetako administratzaileok.

PD: mezu hau zabalduz ere lagundu dezakezu!