Osagaiak

  • Sei-zazpi limoi (komeni da limoiak ekologikoak izatea, azala besterik ez dugu erabiliko eta ez dugu pestizidarik irentsi nahi).
  • Vodka edo pattarra (horrela ei da euskaraz “aguardiente”).
  • 3 litro ur.
  • 1 kg azukre.

Prozedura

  • Zuritu limoiak (ikusi oharrak).
  • Bota litro bat vodka edo pattar limoiaren azalak alkoholean erabat hondoratzen utziko dizun edukiontzi batera.
  • Estali edukiontzia film garden batekin eta gorde ezazu leku ilun eta lehor batean astebetez (alkoholari limoi azalen olio guztia ateratzen lagun diezaiokezu egunero egurrezko koilara batekin maitekiro eragiten badiozu).
  • Astea igarotakoan, hiru litro ur jarri behar dituzu sutan, eta epel (ez bero) dagoenean kilo bat azukre bota behar diozu.
  • Eragin urari (berriz ere maitekiro, ez dugu ura mareatu nahi) azukrea erabat integratuta dagoen arte (ikusi oharrak).
  • Utzi azukre-jarabea erabat hozten.
  • Atera limoien azala mazeraziotik eta nahastu alkohola azukre-jarabe hotzarekin.
  • Sartu dena botiletan eta utzi botilak bake santuan bi egunez.
  • Oso hotz edan!

Ohar oso garrantzitsuak (gehienbat azkena)

  • Oso garrantzitsua da limoien azalaren zati zuria ez hartzea, azaleko olioak bakarrik nahi ditugulako. Inbertitu denbora limoiak ondo zuritzen edo likore mikatza lortuko duzu.
  • Azukre-jarabea egiten ari zarenean, ura ez da irakin behar, baina lehenengo burbuilak ateratzen diren punturaino utzi behar da berotzen.
  • Prozesu osoa bukatu arte, egunean behin “Bella ciao” abestia entzun behar duzu. Gainera, abestia entzuten duzun bitartean, Wikipedia irakurri behar duzu kantu hau erresistentzia antifaxista partisanoaren ereserki adoptatua izan zela ikasteko (eta gaur egun ere antifaxismoaren ereserkietako bat dela), ez Netflixeko soinu banda aberrantea eta erabat lotsagarria.

«È questo il fiore del partigiano, morto per la libertà!»

  • DabidOPA
    link
    2
    edit-2
    3 years ago

    Alkohola, da behar duguna, bai. Azalak bota 🤣

    Aldatu dut.