Aurreko batean aipatu genituen, gaur egunean, harremanak egiteko sortu diren aukera berriak. Gaurkoan, spin-off bat eginez, ligatzeko app-i buruz espezifikoki hitz egin nahiko nuke. Aipatu bidalketa horretan, nik erabiltzen dudanari “propagandarik egin nahi ez niola” esaten nuen, baina orain ez dut hain argi. Izan ere, oso pozik nago izaten ari naizen esperientziarekin (jo ta jo!), beste sare sozialek eskatzen didaten prezio beretsuan -nire datuen truke, alegia-. Hori dela eta, hari honetan erabiltzen ari naizen sare horren (Tinder) gaineko kontuak partekatu nahiko nituzke, zuei gauza bera egitera gonbidatuz (horri edo antzeko beste sare sozialei buruz, noski: Grindr, Meetic, Badoo, Kaixomaitia…).
Bestalde, beste detailetxo bati ere erreparatu diot. Inoiz entzun izan diot, maitasun kontuetan aditua den norbaiti, berarentzat faserik erakargarriena sedukzioarena dela; behin harremana “gauzatu” eta gero, harekiko interesa galtzen duela. Nik sekulan ez dut jarrera hori ulertu, agian aproba egiteko aukera askorik izan ez dudalako. Bada, Tinderren horixe gertatu zait niri bizitzan lehen aldiz! (“ligatzen” askoz ere hobeto pasatzea, “jotzen” baino).
Ez zait txarra iruditzen, bai ordea oso xelebrea. Entzunda nuen, baita ere, sexu-organorik indartsuena garuna dela, eta ondo baino hobeto ikusi dut hori, solasaldietan sor daitekeen “berotasun” maila ikusita. Kasu gehienetan, pertsonalki ezagutu eta gero asko jaitsi da berotasun maila hori (fisikoki egoteko aukera dagoenez) eta, zenbait kasutan, baita guztiz desagertu ere. Horrelakoetan, pentsatzen duzu: “Hobe genukeen elkartzeko hainbesteko presarik ez izana! Gehiago disfrutatu izango genukeen”.
Beraz, sedukzioaren jokoa oraintxe deskubritzen nabil. Nolakoak diren gauzak…