Aurreko batean aipatu genituen, gaur egunean, harremanak egiteko sortu diren aukera berriak. Gaurkoan, spin-off bat eginez, ligatzeko app-i buruz espezifikoki hitz egin nahiko nuke. Aipatu bidalketa horretan, nik erabiltzen dudanari “propagandarik egin nahi ez niola” esaten nuen, baina orain ez dut hain argi. Izan ere, oso pozik nago izaten ari naizen esperientziarekin (jo ta jo!), beste sare sozialek eskatzen didaten prezio beretsuan -nire datuen truke, alegia-. Hori dela eta, hari honetan erabiltzen ari naizen sare horren (Tinder) gaineko kontuak partekatu nahiko nituzke, zuei gauza bera egitera gonbidatuz (horri edo antzeko beste sare sozialei buruz, noski: Grindr, Meetic, Badoo, Kaixomaitia…).
Ez dakit hau euskal memeen atalean beharko lukeen, baina gaiaz ari denez… ;-)
Hasteko, esango dizuet heterogeneitate handia ikusten dudala. Esate baterako, bi multzo handi bereiz daitezke: aurpegia erakusten dutenak, eta ez dugunok. Interesgarria da hau. Honek norbere egoera pertsonalari buruz asko esaten du: nolabait esateko, aurpegia erakusten duenari ez zaio ardura (nolako inbidia!) mundu guztiak “libre” dagoela jakin dezan; bistan denez, honek ligatzeko aukera modu esanguratsuan biderkatzen du. Aurpegia erakusten ez dugunon artean, ordea, motibo asko izango direla iruditzen zait: lana, bikotea, haurrak, familia… edo dena delako arrazoia; honek zure aurpegiaren edertasuna baliatzea eragozten badizu ere, zure buruari buruz hitz egiteko beste era batzuk bilatzera bultza dezake, eta badira hori erakargarri egiten zaion jendea ere, ongi probatu dudanez. Eta misterioa bera ere kitzikagarria izan daiteke…
Aldaera gehiago ere badaude: aurpegia erakusten ez duten jendearen multzo horren barruan, adibidez, batzuek bere buruaren beste argazki batzuek ezartzen dituzte (atzetik aterata, argi kontran…). Beste batzuek, berriz, pertsonarik agertzen ez diren paisaiak jarriko dituzte; edo marrazkiak; edo bere gustuko aktoreak; edo esaldiak… Aitortuko dizuet azken hauek (bere burua guztiz ezkutzatzen dutenak, alegia) atzeraka eragiten didatela. Nahiz eta horietakoren batekin ere sorpresa ona hartu dudan!
Bestalde, beste detailetxo bati ere erreparatu diot. Inoiz entzun izan diot, maitasun kontuetan aditua den norbaiti, berarentzat faserik erakargarriena sedukzioarena dela; behin harremana “gauzatu” eta gero, harekiko interesa galtzen duela. Nik sekulan ez dut jarrera hori ulertu, agian aproba egiteko aukera askorik izan ez dudalako. Bada, Tinderren horixe gertatu zait niri bizitzan lehen aldiz! (“ligatzen” askoz ere hobeto pasatzea, “jotzen” baino).
Ez zait txarra iruditzen, bai ordea oso xelebrea. Entzunda nuen, baita ere, sexu-organorik indartsuena garuna dela, eta ondo baino hobeto ikusi dut hori, solasaldietan sor daitekeen “berotasun” maila ikusita. Kasu gehienetan, pertsonalki ezagutu eta gero asko jaitsi da berotasun maila hori (fisikoki egoteko aukera dagoenez) eta, zenbait kasutan, baita guztiz desagertu ere. Horrelakoetan, pentsatzen duzu: “Hobe genukeen elkartzeko hainbesteko presarik ez izana! Gehiago disfrutatu izango genukeen”.
Beraz, sedukzioaren jokoa oraintxe deskubritzen nabil. Nolakoak diren gauzak…
Batek pribatuan aipatu dit, eta egia da, sare sozial hauek adikzio maila handia sor dezaketela. Horren aurrean, nire autoerregulazio sistema distantzia da: etxetik 20 kmtara dut konfiguratua, ez dut gehiago nahi / behar, eta horrek aukerak asko murrizten ditu. Beraz, askotan sartzen banaiz, ez dut inor berririk aurkituko! Aldiz, km asko ezartzen badituzu… orduak eta orduak eman ditzakezu profilak ikusi eta ikusi.