JOAN DEN ASTEAN, urtarrilaren 31n (barkatu, ez; ilbeltzaren 31n esan nahi nuen), urtero lez, Zebraren Nazioarteko Eguna izan zen
(1) Zebrak, wikipediaren arabera, Afrikako ugaztunak dira, Equidae familiakoak. Euren larru txuri-beltzagatik dira ezagunak. Marra hauek ezberdinak dira espezieko kide bakoitzean. Animalia sozialak dira, talde handietan bizi daitezkenak edo haren txikietan. Zaldiak eta astoak ez bezala ez bezala, zebrak ez dira inoiz bezatuak izan.
(2) Zebra Anariren diska baten izenburua ere bada. Baita bertako abesti baten izenburua ere:
Lehen zuria marra beltzez
Ta orain berriz beltza marra zuriz
Ta ezin dudanez ahaztu
Beharko dut nahastu
Nahastu, nahastu,
nahastu
(3) Fermin Etxegoienek Anariren Zebra diskoa mintzagai izan zuen 2011ko ekainaren 19an Euskadi Irratian. Ferminek erabat borobilak iruditzen zitzaizkion diskoak bilatzen zituen eta saio monografikoak egiten zituen horietako bakoitzaren inguruan. Saioa Ekaitz Perfektua zuen izena. Interneten bilatuz gero, orri honetara iritsiko zarete: Ekaitz Perfektua 100 diskorik onenak: Anariren hirugarren diskoa. Baina ezin izango duzue entzun. Estekak ez du funtzionatzen. Entzun dut funtzionatzen ez duten estekez betetako esterkolero handi bat bihurtzen ari dela Internet.
(4) Medikuntzan ba omen da sarritan erabiltzen den “erranairu” edo “esaera” bat: “kaskoak entzuten dituzunean, pentsatu zaldietan, ez zebratan”. Ahal dela diagnostiko arruntak eta komunak biltzeko aholkua da, eta ez gaixotasun arraroak. Baina gaixotasun arraroak egon badira… eta horientzat ere sendabideak bilatu beharra dago. Zebra gaixotasun arraroak ikertzearen aldeko ikono bihurtu da. Gasteizko Aintzina Folk jaialdia ezagutzen duzue? Jaialdi bikaina da. Ataraxia duten gaixoen aldeko elkarteak antolatzen du urtero.
(5) Pirritx, Porrotx eta Marimototsek, orain dela hainbat urte, zebra kolorezalea izeneko abestia sortu zuten, Joseba Sarrionandiaren poema batean oinarritua:
Zebratxoa dendara / joan da gaur goizean
bere itxura aldatzeko / kolore eskean
aspertu naiz arraiadun atorrarekin
emadazu beste bat kolore askorekin
(6) Josebak, antza, badu zeozer zebrekin. Honako testu hau ekarri zuen Hitzen ondoeza liburuan:
Zebrari galdetu nion:
- Zer zara zu, beltza zerrenda zuriekin? Ala zuria zerrenda beltzekin?
Eta zebrak erantzun egin zion:
- Zu ona zara, ohitura txarrekin? Ala txarra, ohitura onekin? Zaratatsua zara, lasai aldiekin? Ala lasaia, zarata aldiekin? Zoriontsua zara, egun tristeekin? Ala tristea, egun zoriontsuekin? Txukuna zara, zenbait zerrikeriarekin? Ala zerria, txukuntasun batzuekin?
Eta abar, eta abar, eta abar eta abar jarraitu zuen. Eta zebrari ez nion berriro bere zerrendei buruzko ezer egundo galdetu.
(7) Enpresen munduan adarbakarrez hitz egin ohi da, enpresa-izarrak izendatzeko, startup-ak, milaka miloi irabazten dutenak. Jarraitu beharreko ereduak omen dira, halaxe egin behar baita: hazkunde azkarra bilatu eta etekinak gehitu. Horien aurrean bestelako erakundeak sortzen omen dira, pertsonak eta planeta bera etekinen aurretik jartzen dituztenak. Pertsonen ongizatea, enpatia eta jasangarritasuna bilatzen dituzten enpresak dira. Enpresa horiek zebrak omen dira, ez adarbakarrak. Erakunde bat dago, antza, ikuspegi hori bultzatu nahi duena: Zebras Unite. Ez dut ezagutzen eta ez dakit zein orientazio duen… baina izena iradokitzailea iruditzen zait.
Gaixotasun arraroen ildotik jarraiki, zebrak, adimen gaitasun handiak dituzten pertsonak izendatzeko ere erabiltzen da. Neurotipikoak izan ordez, neurodibergenteak direnak. Hitza zentzu baikorrarekin erabiltzen dela uste dut.
Eskerrik asko… ;-) Ez nuen ezagutzen. Bai… orohar iruditzen zait zebra irudi positiboa dela beti.