Ez dakit eskubide digitalen behatokirik ote dagoen. Kasu zehatz bat salatu nahi dut, ea hemengo norbaiti otutzen zaion nora jo.
Bi hitzetan. Donostiako udalak bizikletak alokatzeko sistema bat dauka (Dbizi). Bizikletak erabiltzeko era bakarra honakoa da: smartphone batean PBSC app jabeduna instalatuz eta QR kode bat irakurriz.
Hitz gehiagotan. Dbizi geltokietan irakur daiteke bizikletak bi eratan har daitezkeela: txartela erabiliz edota app-a instalatuz. Izena eman nahi duenak, ordea, berehala jakingo du lehenengo aukera faltsua dela; gezurra. Dbizi zerbitzuarekin kontaktuan egon naiz: txartelaren aukera ez dago eta ez da egongo. Kexa formala ere idatzi dut udal bulegoetan. Erantzuna: bide bakarra app-a dela. Zergatia? Iruzurra ekiditeko (txartela edozeini utz omen dakioke; ez ordea smartphone-a, inplante transferiezina baita).
Smartphone-ik erabiltzen ez duenak, edo software jabeduna erabiltzen ez duenak ezin dezake udaleko zerbitzu publiko hori erabil. Diskriminazioa da, eta eskubide digital eta ez-digitalen urraketa argia.
Kaixo:
Ez naiz abokatua eta legeei buruz gutxi dakit, baina oker ez banago hauek kontuan hartu beharko lirateke, Donostiari dagokionez, azaltzen duzun bezalako kasu batean:
- Real Decreto 1112/2018, de 7 de septiembre, sobre accesibilidad de los sitios web y aplicaciones para dispositivos móviles del sector público.
- Ley 11/2007, de 22 de junio, de acceso electrónico de los ciudadanos a los Servicios Públicos.
Azken hau, ez daukat argi guztiz iraungita dagoen ala aipatuko dudan zatiak oraindik indarrean jarraitzen duen. Izan ere 2007ko legeko 4. artikuluan, neutraltasunaren printzipioa zehazten duenean hau dio: “A estos efectos las Administraciones Públicas utilizarán estándares abiertos así como, en su caso y de forma complementaria, estándares que sean de uso generalizado por los ciudadanos”.
2018koak sakelako telefonoetako app-ak erregulatzen ditu. App horiek erabili ezin dituztenei zein beste aukera eman, zein mailatan eta abar zehazten du. Irakurri ea balio dizun zerbait aurkitzen duzun!
Arartekoa? Edonola ere, oso ondo egin duzu kexa idatziz. Nahiz eta “izorrai” esan dizuten, seguru eragina izan duela. Ea konponbiderik lortzen duzun!
Bururatzen zait Kalapie elkartearen bitartez bideratzea ere izan daitekeela aukera bat… behintzat bakarrik ez aritzeko.