Gabonetan nekazal etxe bat alokatzen dugu eta tximinia ondoan jartzen ditugu opariak abenduaren 24an, egunean zehar.
Pare bat hilabete lehenago egin ohi dugu zozketa, nor-nori tokatu zaion jakiteko. Secret Santa zerbitzua erabiltzen du koinatak zozketa egiteko, uste dut.
Afaltzen bukatu eta pixka batera… norbaitek esaten du:
“Eh, zerbait entzun dut! Olentzero goian dago!!”
Korrika joaten gara goiko pisura eta umeen opariak hor daudela ikusten dugu. Bizpahiru iloba flipatzen, opariak zabaltzen…
Beranduxeago, 00:00ak aldera, lagun ezkutuaren momentua iritsi dela esaten dugu eta helduok banan-banan banatu eta zabaltzen ditugu. Guztiak zabaldu eta komentatu ondoren, azkenekotik hasita atzerantz argitzen dugu opariak nork eginak diren:
“Ea, zuri nork egin dizu? Ah! Seguru laguntza eskatu duzula ideia pentsatzeko… Eta zuri nork oparitu dizu…? - Horrela, ireki den lehen oparia nork egin duen jakin arte.”
Umeak oraindik esna eta jolasten ari badira, ez dago inongo arazorik. BATERAGARRIAK DIRA lagun ezkutuaren metodoa eta Olentzero.
Zergatik da, ordea, onuragarria Lagun Ezkutua egitea? Adibidez:
- Oparien prezio muga adosten da.
- Guztiok opari bana jasoko dugunez, inork ez du beldurrik bere gertuko hori opari gabe geldituko ote den, beraz ez da “badaezpadako” erosketa kontsumistarik egiten.
- Ez diozu oparia zure gertukoena denari egiten, pixka bat haragoko horrengan pentsatu behar duzu aste batzuez eta berari oparia egitea ederra da.
- …?
Aldiz, bestea umeei esatea… helduon konplizitate handi horrekin… zergatik da ona? Magia horrekin txikitan bertan gozatzen dutelako, eta hori aski da? Edo txikitatik ikas dezaten badaudela kriston gezurrak? Begiak irekitzeko zaplasteko hori sentitu eta, agian, helduaroan horrelako gehiago egin ahal izateko?
Badaezpada ere biak hobe…
Nire etxean aurten egingo dugu lehen aldiz (lagun ezkutuarena), eta buruhausteak ditugu opariak nork eginak diren EZKUTATZEKO. Baina zuek ez duzue ezkutatzen, ezta?
Online egiten dugu zozketa urrian, beraz bakoitzak berea bakarrik daki. Baina ohikoa da, adibidez, nire bikotearen izebari oparia egitea tokatzen bazait, nik sekretuan laguntza eskatzea bere senarrari, ideiak emateko. Hori zen galdetzen zenuena?
Bai! Eskerrikasko.