Orain dela gutxi, “La voz de la mesa”-k rol jokuak eta biolentziari buruzko podkasta entzuteko aukera izan dut. Egia esan nahiko galdera interesgarriak agertzen dira bertan, eta gure komunitatean askotan galdetu ditugun gauzak direla esango nuke.
Orain dela aste batzuk nire 6 urteko alaba eta bere lagun bati antolatu nien partidatxoa, abentura klasiko bat. Pare bat PEJ, monstruoren bat, eta nigromante zitala azken etsai bezala. Izugarrizko lekzioa eman zidaten, ze ez zuten karramarro erraldoien aurka borrokatu nahi izan, ezta nigromante maltzurraren dorrean sartu ere egin nahi… berain abentura ez zen jarritako arerio horiek bortizki akabatzea!
Zuek nola ikusten duzue? Zergatik joku gehienek konbate/borroka sistemari hainbeste garrantzia ematen diote? Pentsa al dezakegu borrokarik gabeko joko batean? Zerk erakartzen gaitu hainbeste borroketan ardaztera abenturak?
Tradizioaz gain (rol jokoak guda jokoetatik eratortzen dira historikoki) badago beste arrazoi bat, nire ustez, jokoek borrokarako horrenbeste arau izateko. Joko askok beste egoera batzuk borroka bezain beste (edo bezain gutxi) mekanizatzen duten arren, egia da borroka dela ia joko guztietan asko arautzen den hori. Benetako borroka bat oso kaotikoa da, dena aldi berean gertatzen da, aldagai asko sartzen dira bertan: ingurunea, bakoitzaren trebetasuna, kopurua… Borrokarako arauak hor daude guzti horri ordena bat ipintzeko. Maizter bezala, ez dituzu aldagai guzti horiek kontutan izan behar, jokoaren mekanikak egingo dizu lana. Zein doa lehengo? Jokoak iniziatiba sistema du eta ez duzu erabakirik hartu beharko, arauek txibatuko digute, jokalariek argi izango dute zein unetan tokatzen zaien akzioa egitea. Zerk egiten du min gehiago, tiro batek ala ezpatakada batek? Lasai maizter, ez duzu medikua izan behar erabaki hori hartzeko, jokoak egingo du zuregatik: pistolak 2d6, ezpatak IND+1d6. Utilitarioki, oso logikoa da jokoek arau hauek ezartzea, mikroerabakiak murriztu eta partida leun joan dadin. Argudia genezake konflikto sozial batek edo intriga politiko batek horrelako sistemarik merezi duten ala ez, baina oro har, jokoek borroka arautzea erabaktizen dute eta ez beste motako konfliktoak.
BAINA, super baina. Horrek ez du azaltzen zergatik abentura gehienetan borroka bat bestearen atzetik proposatzen zaizkigun. Niri dibertigarria egiten zait borroka neurrian egiten bada, batez ere, motza eta zirraragarria bada, drama badu atzetik, bestela, nahiago tiradatxo azkar bat egin eta aurrera segi. Gehien saltzen diren jokoek borroka piloa proposatzen dute beraien kanpaina eta abenturetan. Agian gure isla bat besterik ez da, batzuetan munstroak erdibitzeko gogoa besterik ez dugu.
Nire ustez, rol jokoetan feminismoarekin bezala gertatzen da, dekonstrukzio ariketa bat egin beharko genuke. Aspalditik rolean oso oinarrikotzat ematen ditugun kontu asko ez dira berez horrela izan behar. Jatorrizko jokoetan hala bazen ere, eboluzionatu beharko luke. Egia da azken urtetan indarkeria joera hori puskatzen duten joko berriak atera direla, baina jokalari gehienek errotuta daukate rol partida baten muina borroka dela. Beti harritu izan nau rol jokoen liburu gehienetan zenbateko garrantzia ematen zaion borrokaren sistemari. Gehienetan automatikoki doan gauza bat da,ematen du borroka sistema berezia behar du rol joko batek beti. Baina ez dut uste beharrezkoa denik. Juxtu iruditzen zait askotan ez dela batere beharrezkoa, oinarrizko arauekin borrokak ere arautu daitezkeela, azpi-sistema berezirik gabe. Pertsonalki, borrokek asko aspertzen naute eta bai Pastorolan eta bai Zortzimilakoan edo beste mini-jokoetan juxtu partida eta narrazioaren emozioa beste alderdi batzuetatik eraman nahi izan dut. Drama, arriskua, pertsonaien arteko gatazkak… Nire ustez horrek ematen dio zirrara mahaiari, ez borrokak. Egia da borroka bat oso zuzena dela, jokalaria fikzioan sartzeko modu erraza dela (“nire pertsonaiak hiltzeko arriskua duka!”) eta dramak eta beste pertsonaiekiko harremanek denbora eta inplikazio gehiago eskatzen diola jokalariari. Baina nire esperientzia txikian, iruditzen zait berehala lortzen dela inplikazioa modu horretan, eta inplikazio hori askoz sendoagoa dela borrokarekin lortutakoa baino.
Iepa! Ba bai, arrazoi guztia duzu. Nik egia esan borroka batzuk baditut buruan iltzaturik “rol momentu” epiko bezala, kar, kar. Nik uste ondo eramanda, ematen dutela puntu zirarragarri hori diozun bezala @Petrux , baina behar al dira hainbeste arau orri hori lortzeko? Arauak eta 800 mila arma desberdinen taulak adibidez… 😅 Eta beste aldetik, harremanak sortzeak, inplikazio horiek, etab. bai ematen dietela sakontasun bat, borrokak berak ez diguna ematen. Zeintzuk dira borroka sistemarik gabeko joko “berri” horiek, Pastorola eta Zortzimilakoaz aparte? Nik adibidez Dune-ren 2D20ko sisteman borroka/konfliktoak oso sinpleak ikusi nituen hasiera batean, baina gerora uste dut oso ondo funtziona dezakeela.
Ez dut rol jokoetan jokatzen, baina interesgarria izan da zuei irakurtzea!


